XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errege batek hiru alaba zituen:
jazten zituen gorriz,
jazten zituen horiz,
kontatzea nahi al duzu berriz?

Infinitora luza daiteke soka hori, baina gure etxeetan lehendabiziko alaba Mirari, bigarrena Margari eta hirugarrena Sobrari dela esaten duen euskal esaerari jaramon egin behar bazaio, garrantzi handirik ez luke izango jakiteak zein den Mirari, zein Margari eta zein Sobrari, egitura erritmikoak lortzen duen bezala, geuk ere geure iraupena lor dezagula baizik, izanik ez bakarrik geure arbasoen mitoen jasole, baita berrien sorle ere, hala etenik gabeko soka tenk mantenduz.

Baina horretarako, berrirantz joateko, zaharra ezagutu beharra dago, zahar guztia ez dela ezagutzen eta aztertu beharra daukagula sinetsi beharra dago, tradizioa ez baita hautsez beteta dauzkagun Barandiaranen edo Azkueren tomoetan agortzen.

Gure mundu honetako gizon-emakumeok oso emanak ohi gara guztiz ebidentea denari azpila harrigarrienak ateratzera.

Astokillok behin egin omen zuen bezala: bero handiko egun batez, ikusirik eguerdiko eguzkiak arbolpeko keriza bereganatzen zuela, hala esan omen zion Astokillok lagun bati:

- Hori duk, hori, beroa!

Eguzkia bera ere itzal bila zebilek!

Paradoxen mundu honetan, gure hizkuntzak ere baditu bereak, ume jendearentzat dibertigarri izateaz gain hizkerarekiko plazergai ere liratekeenak; batzuk azaldu nahi dizkizut, zure erresuma horretan balia zaitezen zure sema-alabekin hitz goxo iharduten zarenetarako:

Esaiezu, adibidez, nola arraio den LUZE laburragoa LABUR baino, AMA beranduago jaioko zaiela, hiztegiari jaramon eginaz, ALABA baino; gure hizkuntzan numero perfektoenak BI eta BEDERATZI direla, bi eta bederatzi letrez osatuta daudelako; galde egiezu animalia guztiak zelai berean bazkatuta ere, zergatik irteten zaion ilea behiari, zergatik artilea ardiari, zergatik lumak oiloari, zergatik daukan leuna eta hain gorrixkara bere larrua zerriak; erakutsi iezaiezu nola lojika modu oso desberdinak dauden eta alfabetoaren ordenuaren esanera gure zenbakiak ordenu honetan esan beharko genituzkeela; bat, bederatzi, bi, bost, hamar, hiru, lau, sei, zazpi, zortzi, esaiezu imajina dezatela alfabetoa bera ere ordenu alfabetikoan ea zer nolako porrua irteten zaien; historia piskat ere erakutsi beharko diezu (...).